2013/07/29

Monfrague 2013ko uda

Extremaduran, Cacereseko probintzian dago monfrague eta bertako fauna, (hegaztiak batez ere) izugarri aberatsa da orain ikusiko duzuen moduan:

Harrapari eta Sarraskijaleak

"Dehesa" izeneko paisaia da nagusi inguru horretan, eta bertan txerriak, ardiak, zezenak... bezalako abereak bizi dira arte eta artelatz artean ezkurrak eta belarra janez. Hauek era naturalean hiltzen joaten dira eta sarraskijaleentzako elikagai bilakatzen dira. Animalia txikiagoak ere bizi dira ingurune honetan, adibidez, eperrak, usoak, untxiak, saguak, satitsuak, sugeak... hauek arrano, belatz eta abarren harrapakinak dira.

Penintsula iberiarrean ikusi daitezkeen 3 sai motak ikusi ditugu:
Sai beltzak zuhaitzetan egiten du kabia eta hiruetatik handiena da
Sai arrea ugariena da
Sai zuria txikiena da eta beste bi saiek hildako animalia zatitu eta jan ondoren, uzten dutenarekin konformatu behar izaten da
Hauek dira sarraskijaleen elikagaietako batzuk:

Harrapariei dagokienean, handienetik txikienera, hauek ikusi ditugu: Arrano Beltza, Eguzki Arranoa, Arrano Sugezalea, Arrano Txikia, Miru Beltza eta Gorria, Belatz Handia, Elano Urdina eta Belatz Gorria. Ez dugu argi ta garbi identifikatu baina uste dugu mirotz urdin gazte bat ere ikusi dugula eta ez dugu ikusi inguruan ibiltzen den Bonelli Arranorik, ezta Hontz Handia, Mozoloa edo Hontz zuririk ere, hurrengoan itzultzeko arrazoiak baditugu beraz...

Hona hemen harraparien argazki batzuk:

Eguzki Arrano helduak buru arre horiska du, sorbaldak eta hegoen aurreko ertza zuria
Eguzki Arrano heldua hegan. Untxi eta eperrek osatzen dute beraien dieta eta sarraskijalea ere bada janari gutxi dagoenean. 300 bikote bakarrik omen daude. Honakoak txito hegan hasi berria zuen eta berau zaintzen ikusi genuen.
Eguzki Arrano gaztea edo txitoa, arre gorriska kolorekoa da. Harkaizti honen (portilla del Tietar) ondoko zuhaitz batean kumatu zuten gurasoek. Hegan hasi berria omen zen eta denboraldi luzeak geldirik egin ostean, inguruko sai arre guztiak uxatzen zituen etengabe, harkaiztiko goiko aldea beretzat hartuz.
Arrano Sugezaleak buru handia du, begia laranja kolorekoa, azpitik zurixka da eta goitik marroia, izenak dion bezala sugeak jaten ditu eta dorre elektriko altuak erabiltzen zituen pausaleku gisara atseden hartzeko
Miru beltz asko ikusi ditugu, asko eta asko... ez da harrapari oso ona eta oportunista dela esaten da errepideetan autoz harrapatutako animalien bila aritzen delako, edo zubietan kumatzen duten enara azpizurien kumeak noiz eroriko zain egoten direlako, edo zabortegietan janaria bilatzen dutelako. Neguan Afrikara joaten da sai zuria bezala.
Harrapari txikiek (Elano urdina, Belatz gorria...) sagu, satitsu,, txori txiki edo intsektu handiak jaten dituzte, baina Harrapari handienek (Eguzki arranoa eta Arrano Beltzak) Untxiak, Eperrak, Usoak edo azeri gazteak harrapatzen dituzte jateko:

Eperra
Eperraren txitoak 6 ziren kasu honetan, hau pixka bat despistatu eta ondora etorri zitzaigun baina amak deitu bezain pronto abiada bizian gerturatu zitzaion.
Azeri batzuek beldurra galdu diete pertsonei eta janari bila hurbiltzen dira, begiratokietan ibili ohi den jendeak janaria emango die seguru asko... Kakagurea sartu eta lotsarik gabe gure ondoan egin zuen.
Amiamoko edo Zikoina Beltza

Oso lotsatia da eta ez zaio pertsonen inguruan ibiltzea gustatzen, baina hegazti hau ikusteko leku bikaina da Monfrague. Tajo ibaiaren eta bere ibaiadarra den Tietar ibaiaren ertzetako arkaitzetan kabi bat baino gehiago dituzte, guk hiru ikusi ditugu

Amiamoko beltz helduak mokoa, begiaren ingurua eta hankak gorri bizi biziak ditu eta sabelaldea zuria. Lepoan berriz, eguzki izpiekin diz-diz egiten duen berde kolore berezi bat  daukate
Amiamoko beltz helduak harkaiztian hartzen du atseden Sai Arreen artean. Bertatik zaintzen ditu bere kumeak
Txito bat habian

Txitoak batetik bestera lehen hegaldiak egiten dituzte entrenamendu gisara. Laster, bidaia luzea egin beharko dute, Afrikara joango dira negua igarotzera. Datorren urtean berriz etorriko dira, gehienetan, habia berdinetara itzultzen dira. Gazteek bikotea bilatu eta habia berriak egin beharko dituzte.

Gainerako hegaztiak eta animaliak

Denetarik ikusi ahal izan dugu Monfraguen, orotara 60 espezie inguru izan dira zenbatu ditugunak. Hona hemen batzuk:

Antzandobi Kaskagorri arra
Antzandobi Kaskagorri emea
Buztanzuri oria
Enara arrunt honetaz gain, Enara Ipurgorriak, Enara Azpizuriak, Haitz Enarak, Sorbeltzak eta Malkar Sorbeltz bat ere ikusi ditugu
Erlatxoriak kolore biziak dituzte eta kuriosoa da kabiak egiteko ezpondetan zuloak egiten dituztela
Mika Urdinak kuriosoak bezain astunak dira. Kuriosoak txinako txoko batean eta iberiar penintsulako hego mendebaldean bakarrik aurkitzen direlako. Eta astunak, zaratatsuak, taldekoiak eta janari lapurrak direlako, atseden guneetan ibiltzen dira
Harkaitz zozo urdin emea
Txinbo Papargorriska
Zata Lepagorri hau ikusteak izugarrizko ilusioa egin zigun. Autoa gelditu behar izan genuen ez harrapatzeko
Apoarmatu Korrontezalea errekatxo bateko zuhaitz lehor honetan egoten ziren eguzkia hartzen eta ikusten gintuztenean, uretara salto egiten zuten berehala, bi hauek berandu ibili ziren eta argazkia egin ahal izan genien
Penaz gelditu gara Arrano Beltza, Urretxoria, Malkar-Sorbeltza, Enara ipurgorria edo Elano Urdinari argazki txukunik ateratzerik ez dugulako izan. Eta ea hurrengoan hauei argazkiak ateratzeaz gain, Mozolorik, Nutriarik edo Hontz Handirik ikusterik ba ote dugun. Hala ere oso pozik bueltatu gara asteburua Monfraguen igaro ondoren.

Hurrengora arte!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario