2015/05/03

Extremadura, 2015eko udaberria

Extremadurako fauna aberatsa disfrutatu ahal izan dugu udaberri betean, apirileko azken egunetan hain zuzen. Habitat mota oso ezberdinak ezagutu ditugu. "Tajo internacional", "Monfrague", "Garganta de los infiernos" eta "Caceres eta Trujilloko ordokiak" parke naturaletan ikusi ahal izan dugu ondorengo animalia guzti hauek:

Harkaizti handietan, sai arreen eta haitz enaren baimenarekin, bi harrapari zoragarri: bata gautarra, hontz handia, eta bestea egunez dabilena, eguzki arranoa. Biak ala biak, euren kumeak elikatzen ikusi ahal izan genituen. Oraindik eguzki arranoaren txitoak txikiak zeuden, baina hontz handiaren bi txitoei ez zitzaien asko gelditzen hegan hasteko. Lehenengoak harkaiztitik oso gertu zegoen baso batean zeukan kabia, bigarrenak ordea, harkaiztiko leku izkuturen batean.


txitoak jada harritik harrira hegaldi motzak egiten, laister hegan egingo dute baina helduak oraindik beste hile batez elikatuko ditu:

eguzki arranoa harkaiztiko goi aldean nagusi
eguzki arrano bikotea txitoak elikatzen:

-Lautada edo ordokietan karrakak, basoilo handiak, mirotz urdinak, bele txikiak, miru beltz asko eta gorri bat edo beste, eperrak, kutturlioak, gari berdantzak, karnabak, pitxartxar burubeltzak, argioilarrak, erlatxoriak, mozoloa, belatz txikia (ikusitako lehena), belatz gorri, etxe belatzak, sai beltz eta arreak janari bila, zapelatzak... Ugaztunak ere baita untxiak, erbia eta azeria

argioilarra, etengabe kantuan, eta mozoloa begira begira

basoilo handi ar dotore bat, hegazti hegalari pisutsuena da
basoilo handi emea izkutuan dabil:

karrakak, hegazti koloretsuak:

untxia hainbat espezieren harrapakin gogokoena da, adibidez, eguzki arranoa edo hontz handiarena:

-Ibai edo errekastoen inguruan martin arrantzaleak, amiamoko beltzak kabietan, lertxun hauskarak, sai zuriak eta arreak kabietan, harkaitz zozo urdinak, urretxoriak, txepetxak, erreka txindorrak, erlatxoriak, eperrak enara azpizuriak eta sorbeltzak zubietan kumatzen, enara ipurgorriak... Hegaztiez gain, igaraba arrain bat harrapatuta, apoarmatu korrontezaleak, schreiber muskerra, apo lasterkaria, oreinak igerian, saguzaharrak iluntzean

igaraba karpa handi bat harrapatu berritan

sai zuria laister jaioko den txitoaren arraultza erruten

amiamoko beltz parea aire epeleko korronteen bitartez, biraka altuera irabazten

erlatxoriak kableetan

enara ipurgorria erreka ondoko harkaitzetako kabitik gertu hegan

enara azpizuriak enara arrunt baten ondoan, zubi azpiko kabia txukuntzeko lokatza putzutik hartzen

apoarmatu korrontezalearen lehen planoa

apoarmatu korrontezalea errekara bidean

apo lasterkaria gauean
Oreinak basoan edo sastrakatan bizi badira ere, ibaiak gurutzatzeko ez dute arazorik. Igerilari onak dira: 

-Han horren ohikoak diren arte eta artelatzez osatutako larre edo bazkalekuetan antzandobi kaskargorria, antzandobi handia, erlatxoriak, lertxun hauskarak, lertxuntxo itzainak behien ondoan, kukuaren kantua, mika urdinak, kutturlioak, argioilarrak usapal turkiarrak... eta baita sarraski bila dabiltzan hiru sai motak ere. Hegaztietaz gain, gardatxoak, erbiak...

gardatxo heldua, hau bai dragoitzarra

gardatxo gaztea ez da horren koloretsua

sai beltza sarraski bila

antzandobi handia kakalardoak ehizatzen

angio, larre edo bazkalekuak osatzen dute paisaia berezi hau, "la dehesa"

-Basoetan mendi berdantza, birigarroak, zozoak, garrapoak, okil handiak, kaskabeltzak, amilotxak, txontak, mokolodia, pagousoa,  mozoloa, eskinosoak... 

pagousoa

eskinosoa

Edozein paisaiatako zeruetan etengabe miru beltzak eta amiamoko zuriak ikusi ditugu. Noiz edo noiz, arrano sugezale, miru gorri, zapelatz edo arrano txikiren bat ere bai.

Egunen batean itzuliko gara Extremadurako lurretara arrano eperzalea ehizan ikusten saiatzeko, edo schreiber muskerrari argazki txukun bat ateratzen saiatzeko... hamaika ikusteko jaioak ez al gara bada?

2015/02/09

Belatz Handia

Belatz handia munduko animalia azkarrena da. 300 kilometro orduko abiaduran egin dezake hegan. Harkaiztietan edo etxeorratzetan aurkitu dezakegu.

Nik lehenengo aldiz Oñatiko Araotz auzoan ikusi nuen 2012ko apirilean eta ordukoa da daukadan argazki txukunena:


Ordutik leku askotan ikusi izan dut, hirietan edo mendian, baina ezin izan diot argazki hobea atera. 2015eko otsailean ordea, zorte handia izan nuen eta ehizan ikusi dudan lehen aldia izan zen. Kantabriako hezegune ezagun batean antzar eta paita batzuei begira nengoen, bapatean  zarata bat entzun eta begiratu nuenerako (15 metrotara) belatz handia hegan eta txoritxo bat erortzen ikusi nuen, nire parean kolpatu zuen txoria, harrapariak harrapakina jaso eta bere talaiara eraman zuen lumak kendu eta jateko:


Harkaiztiko beste leku batean, belatz ehiztariaren bikotea, lumak txukuntzen ari zen eta bapatean   harrapakina atzaparretan nola zekarren ikusi zuen, honela erreakzionatuz:


Gero pixka bat mugitu nintzen eta hobeto ikusi ahal izan nuen ehiztari azkarra:



Bapo asetuta, jantokitik harkaizti gaineko zuhaitz lehor batera joan zen gero:


2014/03/01

Kurriloak Gallocantan 2014

2014ko Otsailean Kurriloak ikusteko, Zaragoza eta Teruel artean dagoen Gallocantako urmaelera bidaiatu genuen. Hau oso leku garrantzitsua da Kurriloen migraziorako, bertan atseden hartzen baitute hegaztiek, bidean jarraitu aurretik elikatu eta bidaia luzetik errekuperatzeko.
Kurrilo bikotea eta atzean eraztundutako kurrilo bat
Europako iparraldean kumatzen dute eta Azaro edo Abenduko arratsalde edo gauetan entzun ohi ditugu Euskal Herriko zerutik hegoalderantz hegan. Lehioa zabalik edukiko bagenu gehiagotan entzungo genituzke, baina neguan hotza sartzen zaigu etxean eta itxi egiten ditugunez, euskaldun askok ez du hegazti zaratatsu hau ezagutzen.
Bi kurrilo heldu ezkerrean eta gazte bat eskuinean
Gallocantan azarotik otsailera egon ohi dira, eta tarteko hilabeteetan ere egoten diren arren, muturreko bi holabeteetan pilatzen da hegazti kopuru handiena. Gu egon ginenean, 80.000 inguru egon omen ziren bertako jakitunen arabera.


Kurriloek uretan pasatzen dute gaua, harraparietatik babesteko, horregatik, hauek ikusteko era onena eguna urmael ondoan argitzen ikustea izaten da. Kurriloak norabide guztietan inguruetako soroetara hegan irteten dira elikatzera joateko:
Egunsentiarekin kurriloak martxan hasten dira eta euren kantuen zalaparta hasten da ordura arteko isiltasuna apurtuz
Ederrak dira Kurriloen siluetak zeru gorria atzealdean dutelarik

Eguzkia irten da eta polita da uretako bere erreflexuaren gainetik Kurriloak hegan ikustea
Asko eta asko oraindik ez dira uretatik atera, uretan ikusten diren puntutxo bakoitza Kurrilo bat da, asko daude


Eguzkia jada igo da zerura, baina Kurrilo batzuk nagi xamarrak dira eta oraindik urmaelean diraute beste 4 Paita Arruntekin
Batzuk oraindik urmaeletik irteten ari dira
Beste batzuk ordea soroetan dira jada, gosari on!!!
 Agian une politena goizeko 10:30ak edo 11:00ak aldera hasten da. Aire korronte beroak hasten direnean, ondo elikatuta eta indar nahikorekin dauden Kurriloak zirkuluak eginez hegan egin eta altuera irabazten dute. Behin altuera irabazita, haizearen arabera, bidaiari ekingo diote eta pirinioak ere igaroko dituzte egun berean. Gu egon ginenean, 40.000 inguruk utzi omen zuten Gallocanta atzean bideari ekiteko:


Zeruan moskito pilla bat daudela dirudi, une oso ikusgarria eta zarata ere izugarria!!!
Aukera ona da Kurriloak gertutik eta argitasun onarekin hegan ikusteko
Hauek jada iparralderako norabidea finkatu dute eta badoaz
Oraindik ilargia ez da ezkutatu
Ez dutenak oraindik alde egingo, inguruko soroetan egoten dira egunean zehar. Laister Europako iparraldean egongo dira eta kumatzea izango da haien helburua. Batzuek badaukate bikotea, kumaldia aurrera ateratzen saiatuko dira, baina beste gazte batzuek ez daukate bikoterik eta eme onenekin ligatzeko borroketan hasiak dira jadanik hurrengo bideoan ikusi daitekenez:


Arratsaldean edo iluntzean ere oso une polita izaten da, urmaelean itxoiten zaie eta alde guztietatik, zalaparta bizian, gerturatzen dira uretan bukatzeko. Jende asko egoten da (gara) urmaelaren inguruan, gehiegi agian.

Asteburu honetan, Kurriloak ikusteaz gain, beste animalia asko ikusi ahal izan genituen...

Eperrak, Zapelatzak, Belatz Gorriak, Zingira Mirotzak, Mirotz zuriak, Zingira hontzak, Belatxinga Mokogorriak, Basahateak, Paita Arruntak, Ahate Txistukariak, Ipar Ahateak, Abozetak, Kutturlioak, Kalandrak, Txirtak... eta ugaztunei dagokienez, Azeriak eta Untxiak, Basurderen bat ikusteko esperantza ere bageneukan, izan ere, oinatz ugari ikusi genituen, baina zorterik ez. Ea hurrengo batean ikusten dugun.

Hona hemen zerrendako animalien argazki batzuk:
Mirotz Zuria
Eperrarekin izkutaketan jolastu genuen

Azeri honek konfiantza handia zuen gurekiko

2014/02/21

Aralarreko Sai Arreak

Aralar inguruan sai asko ikusten dira baina inoiz ez nuen talde bat jaten ikusi eta ikusgarria iruditu zitzaidan. Gerturatu ahala Sai Arre pila bat atera ziren hegan, baina batzuek tinko zirauten... Goseagatik edo ohituragatik izango da bertan eustearena. Argazki zaparrada bat atera eta alde egin genuen berehala pake pakean jan zezaten, ez ginen bi minutu baino gehiago egon euren ondoan. Gerora, argazkiak begiratzen, ohartu naiz ez dudala Sai Arre gazte bakar bat ere harrapatu. Guztiek moko horia dute eta honek guztiak helduak direla diosku. Gazteek beltza izaten dute. Espero dut argazkiak gustatzea





2014/01/25

Doñana 2013ko Urtarrilean


Marokotik itzuli eta bi egun eman ditugu Doñanan. Lehenengoan Parkearen iparraldeko ibilbidea egin genuen horretarako dituzten ibilgailu berezietan. Oso ondo egon zen Doñanako parajea ezagutzeko eta datu interesgarri batzuk ikasteko. Animalia pila bat ere ikusi genituen, baina ez genituen argazki asko atera. 

Arratsaldean, gure kabuz ibili ginen eta oso ondo ibili ginen baina hurrengo goizekoa zoragarria izan zen. Luis Garcia bertako langile beterano (40 urte Doñanan lanean) eta jakintsuak berarekin eraman gintuen eta goiza erabat gozagarria izan zen, animalia pila bat ikusteaz gain, Hontz zuri bat ere harrapatu genuen eraztuntzeko, baina jada eraztunduta zegoen.

Ikusitakoak:

Antzar pila bat, Hegabera pila bat, Gabiraia, Mozoloa, Belatxikiak, Atalarra, Zapelatzak, Belatz Handia, Elano Urdina, Flamenkoak, Txolarre ilunak, Karnaba talde oso handiak, Txirriskilak, Gari Berdantzak, Pagousoak, Txilinporta txikiak, Uroilo Urdinak, Borrokalariak, Kuliska Ilunak, Ubarroiak, Lertxun Handiak, Lertxuntxo Itzainak, Lertxuntxo Txikia, Lertxuntxo Arrunta, Lertxun Hauskarak, Amiamoko edo Zikoina Zuriak, Mikak, Ipar-Ahateak, Basahateak, Ahate-Mokozabalak,  Uroiloa, Kopetazuriak eta Kopetazuri Gandorduna ere ikusi genituen sarrera honetan ikusiko dituzuen hegaztietaz gain. Baita ere Untxia, Erbia, Oreinak eta Adarzabalak bezalako ugaztunak, tamalez Katamotzak ez zuen nahi izan gure aurrean azaltzerik.

 Hona hemen atera ahal izan genituen argazki txukunenak:

Zingira Hontza
Hontz Zuria
Hontz Zuriaren egagropilak eta zirina (ohikoak izaten dira bere bizilekuetan)
Hontz Zuriarentzat propio jarritako habi-kutxa
Eper taldea gugandik ihesi (leku hau omen da Katamotza ikusteko aproposena, El Rocio herritik oinez joan daiteke)
Sai Beltza (bere ezkerrean Erroia eta bere eskuinean Sai Arreak eta Miru Gorria)
Eguzki Arrano gaztea (bere ezkerrean 3 Araba-Zozo eta ezkerrerago Argioilarra)
Belatz Gorria edo Etxe Belatza
Zingira Mirotza
Beltzarana
Amiamoko edo Zikoina Beltza
Mokozabalak
Kurriloak
Eta bukatzeko, Zingira Hontzaren bideo motz bat: