2015/05/03

Extremadura, 2015eko udaberria

Extremadurako fauna aberatsa disfrutatu ahal izan dugu udaberri betean, apirileko azken egunetan hain zuzen. Habitat mota oso ezberdinak ezagutu ditugu. "Tajo internacional", "Monfrague", "Garganta de los infiernos" eta "Caceres eta Trujilloko ordokiak" parke naturaletan ikusi ahal izan dugu ondorengo animalia guzti hauek:

Harkaizti handietan, sai arreen eta haitz enaren baimenarekin, bi harrapari zoragarri: bata gautarra, hontz handia, eta bestea egunez dabilena, eguzki arranoa. Biak ala biak, euren kumeak elikatzen ikusi ahal izan genituen. Oraindik eguzki arranoaren txitoak txikiak zeuden, baina hontz handiaren bi txitoei ez zitzaien asko gelditzen hegan hasteko. Lehenengoak harkaiztitik oso gertu zegoen baso batean zeukan kabia, bigarrenak ordea, harkaiztiko leku izkuturen batean.


txitoak jada harritik harrira hegaldi motzak egiten, laister hegan egingo dute baina helduak oraindik beste hile batez elikatuko ditu:

eguzki arranoa harkaiztiko goi aldean nagusi
eguzki arrano bikotea txitoak elikatzen:

-Lautada edo ordokietan karrakak, basoilo handiak, mirotz urdinak, bele txikiak, miru beltz asko eta gorri bat edo beste, eperrak, kutturlioak, gari berdantzak, karnabak, pitxartxar burubeltzak, argioilarrak, erlatxoriak, mozoloa, belatz txikia (ikusitako lehena), belatz gorri, etxe belatzak, sai beltz eta arreak janari bila, zapelatzak... Ugaztunak ere baita untxiak, erbia eta azeria

argioilarra, etengabe kantuan, eta mozoloa begira begira

basoilo handi ar dotore bat, hegazti hegalari pisutsuena da
basoilo handi emea izkutuan dabil:

karrakak, hegazti koloretsuak:

untxia hainbat espezieren harrapakin gogokoena da, adibidez, eguzki arranoa edo hontz handiarena:

-Ibai edo errekastoen inguruan martin arrantzaleak, amiamoko beltzak kabietan, lertxun hauskarak, sai zuriak eta arreak kabietan, harkaitz zozo urdinak, urretxoriak, txepetxak, erreka txindorrak, erlatxoriak, eperrak enara azpizuriak eta sorbeltzak zubietan kumatzen, enara ipurgorriak... Hegaztiez gain, igaraba arrain bat harrapatuta, apoarmatu korrontezaleak, schreiber muskerra, apo lasterkaria, oreinak igerian, saguzaharrak iluntzean

igaraba karpa handi bat harrapatu berritan

sai zuria laister jaioko den txitoaren arraultza erruten

amiamoko beltz parea aire epeleko korronteen bitartez, biraka altuera irabazten

erlatxoriak kableetan

enara ipurgorria erreka ondoko harkaitzetako kabitik gertu hegan

enara azpizuriak enara arrunt baten ondoan, zubi azpiko kabia txukuntzeko lokatza putzutik hartzen

apoarmatu korrontezalearen lehen planoa

apoarmatu korrontezalea errekara bidean

apo lasterkaria gauean
Oreinak basoan edo sastrakatan bizi badira ere, ibaiak gurutzatzeko ez dute arazorik. Igerilari onak dira: 

-Han horren ohikoak diren arte eta artelatzez osatutako larre edo bazkalekuetan antzandobi kaskargorria, antzandobi handia, erlatxoriak, lertxun hauskarak, lertxuntxo itzainak behien ondoan, kukuaren kantua, mika urdinak, kutturlioak, argioilarrak usapal turkiarrak... eta baita sarraski bila dabiltzan hiru sai motak ere. Hegaztietaz gain, gardatxoak, erbiak...

gardatxo heldua, hau bai dragoitzarra

gardatxo gaztea ez da horren koloretsua

sai beltza sarraski bila

antzandobi handia kakalardoak ehizatzen

angio, larre edo bazkalekuak osatzen dute paisaia berezi hau, "la dehesa"

-Basoetan mendi berdantza, birigarroak, zozoak, garrapoak, okil handiak, kaskabeltzak, amilotxak, txontak, mokolodia, pagousoa,  mozoloa, eskinosoak... 

pagousoa

eskinosoa

Edozein paisaiatako zeruetan etengabe miru beltzak eta amiamoko zuriak ikusi ditugu. Noiz edo noiz, arrano sugezale, miru gorri, zapelatz edo arrano txikiren bat ere bai.

Egunen batean itzuliko gara Extremadurako lurretara arrano eperzalea ehizan ikusten saiatzeko, edo schreiber muskerrari argazki txukun bat ateratzen saiatzeko... hamaika ikusteko jaioak ez al gara bada?

No hay comentarios:

Publicar un comentario