2014ko Otsailean Kurriloak ikusteko, Zaragoza eta Teruel artean dagoen Gallocantako urmaelera bidaiatu genuen. Hau oso leku garrantzitsua da Kurriloen migraziorako, bertan atseden hartzen baitute hegaztiek, bidean jarraitu aurretik elikatu eta bidaia luzetik errekuperatzeko.
 |
Kurrilo bikotea eta atzean eraztundutako kurrilo bat |
Europako iparraldean kumatzen dute eta Azaro edo Abenduko arratsalde edo gauetan entzun ohi ditugu Euskal Herriko zerutik hegoalderantz hegan. Lehioa zabalik edukiko bagenu gehiagotan entzungo genituzke, baina neguan hotza sartzen zaigu etxean eta itxi egiten ditugunez, euskaldun askok ez du hegazti zaratatsu hau ezagutzen.
 |
Bi kurrilo heldu ezkerrean eta gazte bat eskuinean |
Gallocantan azarotik otsailera egon ohi dira, eta tarteko hilabeteetan ere egoten diren arren, muturreko bi holabeteetan pilatzen da hegazti kopuru handiena. Gu egon ginenean, 80.000 inguru egon omen ziren bertako jakitunen arabera.
Kurriloek uretan pasatzen dute gaua, harraparietatik babesteko, horregatik, hauek ikusteko era onena eguna urmael ondoan argitzen ikustea izaten da. Kurriloak norabide guztietan inguruetako soroetara hegan irteten dira elikatzera joateko:
 |
Egunsentiarekin kurriloak martxan hasten dira eta euren kantuen zalaparta hasten da ordura arteko isiltasuna apurtuz |
 |
Ederrak dira Kurriloen siluetak zeru gorria atzealdean dutelarik |
 |
Eguzkia irten da eta polita da uretako bere erreflexuaren gainetik Kurriloak hegan ikustea |
 |
Asko eta asko oraindik ez dira uretatik atera, uretan ikusten diren puntutxo bakoitza Kurrilo bat da, asko daude |
 |
Eguzkia jada igo da zerura, baina Kurrilo batzuk nagi xamarrak dira eta oraindik urmaelean diraute beste 4 Paita Arruntekin |
 |
Batzuk oraindik urmaeletik irteten ari dira |
 |
Beste batzuk ordea soroetan dira jada, gosari on!!! |
Agian une politena goizeko 10:30ak edo 11:00ak aldera hasten da. Aire korronte beroak hasten direnean, ondo elikatuta eta indar nahikorekin dauden Kurriloak zirkuluak eginez hegan egin eta altuera irabazten dute. Behin altuera irabazita, haizearen arabera, bidaiari ekingo diote eta pirinioak ere igaroko dituzte egun berean. Gu egon ginenean, 40.000 inguruk utzi omen zuten Gallocanta atzean bideari ekiteko:
 |
Zeruan moskito pilla bat daudela dirudi, une oso ikusgarria eta zarata ere izugarria!!! |
 |
Aukera ona da Kurriloak gertutik eta argitasun onarekin hegan ikusteko |
 |
Hauek jada iparralderako norabidea finkatu dute eta badoaz |
 |
Oraindik ilargia ez da ezkutatu |
Ez dutenak oraindik alde egingo, inguruko soroetan egoten dira egunean zehar. Laister Europako iparraldean egongo dira eta kumatzea izango da haien helburua. Batzuek badaukate bikotea, kumaldia aurrera ateratzen saiatuko dira, baina beste gazte batzuek ez daukate bikoterik eta eme onenekin ligatzeko borroketan hasiak dira jadanik hurrengo bideoan ikusi daitekenez:
Arratsaldean edo iluntzean ere oso une polita izaten da, urmaelean itxoiten zaie eta alde guztietatik, zalaparta bizian, gerturatzen dira uretan bukatzeko. Jende asko egoten da (gara) urmaelaren inguruan, gehiegi agian.
Asteburu honetan, Kurriloak ikusteaz gain, beste animalia asko ikusi ahal izan genituen...
Eperrak, Zapelatzak, Belatz Gorriak, Zingira Mirotzak, Mirotz zuriak, Zingira hontzak, Belatxinga Mokogorriak, Basahateak, Paita Arruntak, Ahate Txistukariak, Ipar Ahateak, Abozetak, Kutturlioak, Kalandrak, Txirtak... eta ugaztunei dagokienez, Azeriak eta Untxiak, Basurderen bat ikusteko esperantza ere bageneukan, izan ere, oinatz ugari ikusi genituen, baina zorterik ez. Ea hurrengo batean ikusten dugun.
Hona hemen zerrendako animalien argazki batzuk:
 |
Mirotz Zuria |
 |
Eperrarekin izkutaketan jolastu genuen |
 |
Azeri honek konfiantza handia zuen gurekiko |
No hay comentarios:
Publicar un comentario