Extremadurako fauna aberatsa disfrutatu ahal izan dugu udaberri betean, apirileko azken egunetan hain zuzen. Habitat mota oso ezberdinak ezagutu ditugu. "Tajo internacional", "Monfrague", "Garganta de los infiernos" eta "Caceres eta Trujilloko ordokiak" parke naturaletan ikusi ahal izan dugu ondorengo animalia guzti hauek:
Harkaizti handietan, sai arreen eta haitz enaren baimenarekin, bi harrapari zoragarri: bata gautarra, hontz handia, eta bestea egunez dabilena, eguzki arranoa. Biak ala biak, euren kumeak elikatzen ikusi ahal izan genituen. Oraindik eguzki arranoaren txitoak txikiak zeuden, baina hontz handiaren bi txitoei ez zitzaien asko gelditzen hegan hasteko. Lehenengoak harkaiztitik oso gertu zegoen baso batean zeukan kabia, bigarrenak ordea, harkaiztiko leku izkuturen batean.
![]() |
argioilarra, etengabe kantuan, eta mozoloa begira begira |
![]() |
basoilo handi ar dotore bat, hegazti hegalari pisutsuena da |
basoilo handi emea izkutuan dabil:
karrakak, hegazti koloretsuak:
untxia hainbat espezieren harrapakin gogokoena da, adibidez, eguzki arranoa edo hontz handiarena:
-Ibai edo errekastoen inguruan martin arrantzaleak, amiamoko beltzak kabietan, lertxun hauskarak, sai zuriak eta arreak kabietan, harkaitz zozo urdinak, urretxoriak, txepetxak, erreka txindorrak, erlatxoriak, eperrak enara azpizuriak eta sorbeltzak zubietan kumatzen, enara ipurgorriak... Hegaztiez gain, igaraba arrain bat harrapatuta, apoarmatu korrontezaleak, schreiber muskerra, apo lasterkaria, oreinak igerian, saguzaharrak iluntzean
![]() |
igaraba karpa handi bat harrapatu berritan |
![]() |
sai zuria laister jaioko den txitoaren arraultza erruten |
![]() |
amiamoko beltz parea aire epeleko korronteen bitartez, biraka altuera irabazten |
![]() |
erlatxoriak kableetan |
![]() |
enara ipurgorria erreka ondoko harkaitzetako kabitik gertu hegan |
![]() |
enara azpizuriak enara arrunt baten ondoan, zubi azpiko kabia txukuntzeko lokatza putzutik hartzen |
![]() |
apoarmatu korrontezalearen lehen planoa |
![]() |
apoarmatu korrontezalea errekara bidean |
![]() |
apo lasterkaria gauean |
Oreinak basoan edo sastrakatan bizi badira ere, ibaiak gurutzatzeko ez dute arazorik. Igerilari onak dira:
-Han horren ohikoak diren arte eta artelatzez osatutako larre edo bazkalekuetan antzandobi kaskargorria, antzandobi handia, erlatxoriak, lertxun hauskarak, lertxuntxo itzainak behien ondoan, kukuaren kantua, mika urdinak, kutturlioak, argioilarrak usapal turkiarrak... eta baita sarraski bila dabiltzan hiru sai motak ere. Hegaztietaz gain, gardatxoak, erbiak...
-Basoetan mendi berdantza, birigarroak, zozoak, garrapoak, okil handiak, kaskabeltzak, amilotxak, txontak, mokolodia, pagousoa, mozoloa, eskinosoak...
Edozein paisaiatako zeruetan etengabe miru beltzak eta amiamoko zuriak ikusi ditugu. Noiz edo noiz, arrano sugezale, miru gorri, zapelatz edo arrano txikiren bat ere bai.
Egunen batean itzuliko gara Extremadurako lurretara arrano eperzalea ehizan ikusten saiatzeko, edo schreiber muskerrari argazki txukun bat ateratzen saiatzeko... hamaika ikusteko jaioak ez al gara bada?