Neguko oporraldian Marokora joan gara furgonetan eta bereziki animaliak ikustera joan ez garen arren, Animalia ugari aurkitu ditugu bidean.
Herrietan Usoak, Belatxingak, Txolarreak, Mikak, Araba-zozoak... ikusten genituen. Baita ere zikoinak eta hauen kabi ugari. Baina batez ere lertxuntxo itzainez josita aurkitu dugu herrialdea, bazter guztietan aurkitzen dira taldeka, batetik bestera, errepide ondoan...
Hala ere, ikusgarrienak Berberiako Makako edo Tximinoak izan dira. Akchour herritik bi orduko ibilbidea egin genuen ur-jauzi ikusgarri bat ikusteko. Eta bidean gindoazela zuhaitz bat asko mugitzen zela konturatu ginen. Inguruan harkaitzak ere bazeuden eta han ikusi genuen tximino taldea, zuhaitzetan saltoka, fruituak janez, harkaitzetako belarrak jaten... Errekaren beste aldean. Itzuleran berriz, gugandik 5 metrora ere ikusi ahal izan genituen.
Ondoren Atlantiar kostan dagoen Moulay Bousselham herrian dagoen Merga Zerga aintziran eta inguruetan hegaztiak ikustera joan ginen Hassan Dalil gida Marokoar jatorrarekin. Hemen hegazti piloa ikusi ahal izan genuen, ikusgarrienak Arrano arrantzaleak, Itsas-mikak, Txenada mokogorriak eta hankabeltzak, Erroiak, Gabiraia, Belatz handia eta txikia, Mozoloa, Mokozabalak, Flamenkoak, Txirri kurlintak, Martin Arrantzaleak, Kaio mokozorrotza, Audouin kaioa... Baina tamalez, ez genuen Asio Carapensis ("Lechuza Mora"), Maroko iparraldean bakarrik aurkitu daitekeen hontz berezia, ikusterik izan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario