2014/01/25

Doñana 2013ko Urtarrilean


Marokotik itzuli eta bi egun eman ditugu Doñanan. Lehenengoan Parkearen iparraldeko ibilbidea egin genuen horretarako dituzten ibilgailu berezietan. Oso ondo egon zen Doñanako parajea ezagutzeko eta datu interesgarri batzuk ikasteko. Animalia pila bat ere ikusi genituen, baina ez genituen argazki asko atera. 

Arratsaldean, gure kabuz ibili ginen eta oso ondo ibili ginen baina hurrengo goizekoa zoragarria izan zen. Luis Garcia bertako langile beterano (40 urte Doñanan lanean) eta jakintsuak berarekin eraman gintuen eta goiza erabat gozagarria izan zen, animalia pila bat ikusteaz gain, Hontz zuri bat ere harrapatu genuen eraztuntzeko, baina jada eraztunduta zegoen.

Ikusitakoak:

Antzar pila bat, Hegabera pila bat, Gabiraia, Mozoloa, Belatxikiak, Atalarra, Zapelatzak, Belatz Handia, Elano Urdina, Flamenkoak, Txolarre ilunak, Karnaba talde oso handiak, Txirriskilak, Gari Berdantzak, Pagousoak, Txilinporta txikiak, Uroilo Urdinak, Borrokalariak, Kuliska Ilunak, Ubarroiak, Lertxun Handiak, Lertxuntxo Itzainak, Lertxuntxo Txikia, Lertxuntxo Arrunta, Lertxun Hauskarak, Amiamoko edo Zikoina Zuriak, Mikak, Ipar-Ahateak, Basahateak, Ahate-Mokozabalak,  Uroiloa, Kopetazuriak eta Kopetazuri Gandorduna ere ikusi genituen sarrera honetan ikusiko dituzuen hegaztietaz gain. Baita ere Untxia, Erbia, Oreinak eta Adarzabalak bezalako ugaztunak, tamalez Katamotzak ez zuen nahi izan gure aurrean azaltzerik.

 Hona hemen atera ahal izan genituen argazki txukunenak:

Zingira Hontza
Hontz Zuria
Hontz Zuriaren egagropilak eta zirina (ohikoak izaten dira bere bizilekuetan)
Hontz Zuriarentzat propio jarritako habi-kutxa
Eper taldea gugandik ihesi (leku hau omen da Katamotza ikusteko aproposena, El Rocio herritik oinez joan daiteke)
Sai Beltza (bere ezkerrean Erroia eta bere eskuinean Sai Arreak eta Miru Gorria)
Eguzki Arrano gaztea (bere ezkerrean 3 Araba-Zozo eta ezkerrerago Argioilarra)
Belatz Gorria edo Etxe Belatza
Zingira Mirotza
Beltzarana
Amiamoko edo Zikoina Beltza
Mokozabalak
Kurriloak
Eta bukatzeko, Zingira Hontzaren bideo motz bat:

2014/01/07

Marokon 2013ko azken egunetan

Neguko oporraldian Marokora joan gara furgonetan eta bereziki animaliak ikustera joan ez garen arren, Animalia ugari aurkitu ditugu bidean.

Herrietan Usoak, Belatxingak, Txolarreak, Mikak, Araba-zozoak... ikusten genituen. Baita ere zikoinak eta hauen kabi ugari. Baina batez ere lertxuntxo itzainez josita aurkitu dugu herrialdea, bazter guztietan aurkitzen dira taldeka, batetik bestera, errepide ondoan...

Hala ere, ikusgarrienak Berberiako Makako edo Tximinoak izan dira. Akchour herritik bi orduko ibilbidea egin genuen ur-jauzi ikusgarri bat ikusteko. Eta bidean gindoazela zuhaitz bat asko mugitzen zela konturatu ginen. Inguruan harkaitzak ere bazeuden eta han ikusi genuen tximino taldea, zuhaitzetan saltoka, fruituak janez, harkaitzetako belarrak jaten... Errekaren beste aldean. Itzuleran berriz, gugandik 5 metrora ere ikusi ahal izan genituen.



                                                                           


Ondoren Atlantiar kostan dagoen Moulay Bousselham herrian dagoen Merga Zerga aintziran eta inguruetan hegaztiak ikustera joan ginen Hassan Dalil gida Marokoar jatorrarekin. Hemen hegazti piloa ikusi ahal izan genuen, ikusgarrienak Arrano arrantzaleak, Itsas-mikak, Txenada mokogorriak eta hankabeltzak, Erroiak, Gabiraia, Belatz handia eta txikia, Mozoloa, Mokozabalak, Flamenkoak, Txirri kurlintak,  Martin Arrantzaleak, Kaio mokozorrotza, Audouin kaioa... Baina tamalez, ez genuen Asio Carapensis ("Lechuza Mora"), Maroko iparraldean bakarrik aurkitu daitekeen hontz berezia, ikusterik izan.

Hassan Dalil gida Marokoarra
Martin Arrantzale emea (mokoaren azpialdea arroxa)
Martin Arrantzale arra (moko beltz beltza)
Angulak (bi txalupatan egindako tratu baten lekuko izan ginen)
Kaio Iluna
Txenada Mokogorria Audouin Kaioen artean
Txenada Hankabeltza
"Bulbul Naranjero" (ez du Euskarazko izenik)
Arrano Arrantzalea
Mozoloa
Gabiraia
Larache herritik pasatzen den Loukos ibaiko lautada hezean ere hegazti asko ikusi genituen, baina hauek nahiko urruti ikusten ziren. Beltzaranak, Zikoinak, Lertxun hauskarak, Arrano Arrantzaleak, Hegaberak, Usapala, Pitxartxar burubeltzak, kutturlioak...

Kutturlioa
Usapala
Beltzaranak