2013/10/27

Bale bila Santurtzin

Aurtengo denboraldian (ekainetik-urrira) bi irteera egin ditut Gorka Ocioren verballenas enpresarekin. Itsasoan 10 ordutako jardunaldi hauetan, Baleak, Izurdeak, Kalderoiak, Cuvier Baleak, Kaxaloteak... ikusi daitezke beste animali batzuen artean. Baita ere Ilargiarrainak, Ezpatarrainak, atunak... Hegaztiei dagokienean, itsasoko hegaztiak ikusteko ere irteera polita izan daiteke, Gabaiak, Marikoiak, Lanperna-Musuak, Ekaitz-Txoriak, Zangak, Txenadak... Baina behin irail erditik urriko azken egunetara bitartean, hegazti migratzaileak ere ikusi daitezke: nik Txioak, Kalandrak, Txirtak, oso arraroa den Sasi-Txinbotxoa, Lertxun Hauskarak, Ahate Mokozabalak, Basahateak, eta politena Zingira-Hontza ikustea izan da.

BALEAK
Bale baten ufada ikusi ahal ian genuen bigarren bidaian. Baina 3 ufada egin eta uretan murgildu zen. 12 minutu irauten omen dute berriz arnasa lauzpabost alditan hartzeko (4-5 ufada) baina han ez zen balerik azaldu... itsasontzian geundenok alde guztietara begiratzen genuen baina baleak ziria ondo sartu zigun eta ez genuen gehiagotan ikusi, beraz ez genuen horren ondo ikusi balea. Gainerakoan ez genuen oso zorte ona izan zetazeoekin. Gu joan aurreko egunean Kaxalote bat ikusia zuten, bi bidaien tarteko irteera batean 5 Bale ikusi omen zituzten denbora luzez eta oso gertutik... eta guk ezta Kalderoi edo Cuvier Bale triste bat ere ez!!!

IZURDEAK
Ikusi genitzakeen hiru Izurde motatatik bi ikusi genituen: Izurde Arrunta eta Izurde Arraiaduna. Izurde Arruntak talde handian ikusi ditugu, arruntenak dira eta bi irteeretan ikusi ditut, bigarrenean gainera oso dispertsaturik zebiltzan elikatzen ari zirelako. Arraintxo sarda batek gure itsasontziaren inguruan babesa bilatzen zuen eta uretako kamerarekin Gorkak ehizaldia grabatzeko aproba egin zuen. Ez genuen beraz Izurde Handia ikusi, hauek dira delfinarioetan ikusten diren arruntenak eta askotan ama akatzen omen dute kumeak harrapatzeko. Guk nahiago dugu naturan libre ikusten saiatzea.

Izurde arraiaduna

Izurde Arraiaduna

Izurde Arraiaduna

Izurde Arrunta

Izurde arruntak

Izurde arrunta
Izurdeen janaria (Arrain sarda bat itsasontzi ondoan babesa bilatu nahian)

ARRAINAK
Arrainen artean bitxiena Ilargiarrainak bere aletarekin nola agurtzen gintuen ikustea izan zen, hegaluzeen saltorik ere ikusi genuen, eta antxoa gizarajoak atunengandik edo izurdeengandik ihes egin nahian uretatik kanpo salto egiten ere ikusi ditugu.

Ilargiarraina (aleta kanpoan astintzen du agurtuz bezala)

ITSASOKO HEGAZTIAK
Marikoi mota ezberdinak ikusi genituen, Marikoi handia da arruntena. Itsasoko pirata hauek ez dute arrainik ehizatzen, beste hegazti ehiztarien atzetik ibiltzen da hauei lapurreta eginez. Askotan jazarpen luzeak egiten dizkiete Kaioa, Txenada edo beste hegazti batzuei eta oka egin arazten diete azkena harrapatu duten arraintxoa lapurtu eta jateko. Gabai mota ezberdinak ere ikusi genituen, beraien hego luzeekin urazalean hegan nola egiten duten ikustea oso polita iruditzen zait. Zangak ere, bigarren bidaian batez ere, ehiza erakustaldi bikainak egiten zituzten goitik uretara jauzi ikusgarriak eginez. Tamalez ez dugu Lanperna-Musu, Pottorro edo Martinik ikusi, hauek eguraldi txarragoarekin batera gerturatzen dira gure kostaldera. Txenadaren bat edo beste ikusi dugu, Mendebal-Txori Mokolodiren bat ere bai, Kaio Ilun ugari, Hankahoriak ere bai eta Antxeta Mokogorri eta Burubeltzak.
Gabai Handia

Gabai Handia

Gabai Handia

Gabai Balearra
Gabai Iluna

Marikoi Handia

Marikoi Isatsluzea
Zanga
Zanga

HEGAZTIAK MIGRAZIOAN
Lehen bidaian oso arraroa den Sasi-Txinbotxoa ikusi genuen. Ez genuen berehalakoan identifikatu, Gorkak Baso Txinbotzat jo zuen baina nik ez nion lepoko marka grisik ikusten eta burua oso grisa zuen. Gorkak argazki bikaina atera zion eta han ikusi genion papar txuriaeta mokoaren behealdea grisa. Gorkak ez zuen sinisten eta izugarri poztu zen. Itsasontziari hiru buelta eman zizkion bidai luze baten nekearen aurrean atseden hartu nahian, baina ez zen gutaz fidatu eta bere bidea jarraitu zuen. Arraroa dela diogu bere distribuzio maparen arabera, Turkia aldetik migratzen duelako Afrika aldera eta berez gure lurretan ezingo genukeelako ikusi. Auskalo zerk eraman duen txoritxo hau gure golkoraino. Txioak ere ikusi genituen gure lehen bidaian. Bigarrena ordea aberatsagoa izan zen zentzu honetan, Lertxun Hauskarak, Harri Iraularia, Ahate Mokozabalak, Basahateen kriston taldeak, Kalandra eta Txirta taldetxo ugari eta politena Zingira-Hontza ikustea izan da, oso urruti pasatu bazen ere, ikusten genuen oso arraroa zela txori hura, hego zabalak astindu eta astindu, buru gabeko harrapari bat zirudien, eta Gorkak esan zigun jende askok lehen aldiz hegazti hau itsasoan ikusten duela, migrazioan. Gidarekin ibili ginen Hontz txikia ote zen begiratzen baina azkenean ez.

Harri Iraularia

Ahate Mokozabalak

Zingira Hontza
Ea hurrengo denboraldian ere irteeratxo bat egiteko aukerarik izaten dugun...

2013/10/24

Lindux 2013

2012ko irailean ezagutu nuen hegaztiak migrazioan ikusteko leku bikain bat. Lindux mendia da leku hori eta urtero joango nintzela esan nion nere buruari. Iraileko erdialdean izugarria da iparraldera begira jarri eta zikoinak, harrapari mota ugari, ubarroiak... nola datozen ikustea. Hegoaizea badago gainera askoz gertuago pasatzen dira. Migratzaileetaz gain, inguruetan bizi diren beste hainbat hegazti ez migratzaile ere ikusteko aukera bikaina dago eta Arrano Beltzak, Ugatzak, Zapelatzak, Gabiraiak, Belatz Gorriak... errez ikusi daitezke.

2013ko irailaren 21ean beraz, bertara joan ginen asteburu pasa. Eta ihazkoa gainditu genuela uste dut. Arrano arrantzaleak, Zapelatz Liztorjaleak, Arrano Sugezaleak, Miru Gorriak, Gabiraiak, Zuhaitz Belatzak, Zikoina Zuri eta Beltzak, Ubarroiak, Zingira Mirotzak, Txolomak, Erlatxoriak(harrigarria), Enarak, Enara Azpizuriak... Larunbat arratsaldean hotz asko pasatu genuen, ez genuen arropa asko eraman eta eguzkia ikusita ez genuen pentsatzen hotza pasako genuenik, baina haizeak izoztuta utzi gintuen. Hurrengo egunean berriz, bero handia pasa genuen eta kopeta ere erre zitzaigun krema ematea ahaztu zitzaigulako. Ez dago asmatzerik!!!

Arrano Arrantzalea (Arraina falta...jaja)

Arrano Sugezalea (ta honek sugea falta...jeje)

Gabiraia (papoa ondo betea, jan berritan egongo zen)

Ugatza (bizi guztian ikusi dudan lehena, kriston ilusioa!!!)

Ubarroiak (erdikoa gaztea da papar zuriagatik)

Miru Gorria (ezagutzeko oso erreza urkila formako buztanagatik)

Zikoina Beltzak (3 edo 4 talde inguru ikusi genituen, bakoitzean 8-15 kide)
Zikoina txuriak(arruntak) osatzen zituzten talde handienak, oso ikusgarriak ziren baina urrundu egin ziren eta beste puntu batzuetatik igaro zituzten pirinioak. Ubarroiak ere forma geometriko txukunak osatzen zituzten talde nahiko handietan (20tik gora)

Ta sarrera amaitzeko, Ibañetako gainean dagoen baso batean aurkitutako ipotxaren argazkiarekin agurtuko gara!!! Hurrengo urtera arte Lindux!!!!!